FSAk Ingalaterrako, Galesko eta Ipar Irlandako kontsumitzaileen pertzepzioari buruzko bi urtean behingo ebaluazioaren emaitzak argitaratu ditu, kontsumitzaileok Elikagaien Segurtasunarekin lotutako alderdien inguruan zer jarrera eta ezagutza dituzten erakusteko.

Azterlana osatzeko, 1.989 pertsona elkarrizketatu dituzte 2017ko azaroan, eta, emaitzen arabera, hauek dira Elikagai Segurtasunaren inguruko kezka nagusiak:

  • Elikagaien higienea, etxetik kanpo jatean (% 36)

  • Elikagai-intoxikazioak (% 30)

  • Elikagaietan dauden ingurumeneko kutsatzaile kimikoak, hala nola metal astunak (% 29)

  • Elikagai-gehigarriak (% 26)

Gainera, inkesta egin zutenek kezka handiagoa sortzen dieten zeharkako alderdi hauek nabarmendu zituzten:

  • Azukrea elikagaietan (% 52)

  • Elikagaien xahutzea (% 48)

  • Elikagaien prezioa (% 46)

  • Animalien ongizatea (% 43)

Zehazki, aurreko inkestekin konparatuta, honako emaitza hauek nabarmendu dira sei bloke handi hauetan:

  1. Kezka handia elikagai-intoxikazioen inguruan

Salmonella eta E-coli dira elikagai-intoxikazioaren patogeno ezagunenak (% 89 eta % 82ko kontzientziazioa, hurrenez hurren). Intoxikazio-iturri ezagun nagusia oilasko gordina edo indioilarra izan zen (% 79), eta ondoren itsaskiak (% 54), eramateko janari birberotua (% 47) eta arrautzak (% 38).

  1. Higiene-estandarrei buruzko ezagutza handiagoa

Inkesta egin zutenen % 84k adierazi zuten elikagaiak kontsumitu edo erosten dituzten establezimenduetako higiene-arauen jakitun direla. Higiene-arauen berri izateko modu ohikoenak etiketak eta/edo higiene-ziurtagiriak (% 61) eta instalazioen itxura orokorra (% 60) dira.

  1. Alergenoei buruzko informazio gehiago

% 10ek esan zuten elikagaiekiko intolerantzia eta/edo alergiak dituztela. Gehienek (% 70-77) adierazi zuten seguru sentitzen direla alergenoak edo intolerantzia eragiten duten substantziak identifikatzeko asmoz elikagai-saltokietan osagaiei buruzko informazioa eskatzen dutenean.

  1. Elikagai-saltokien gaineko kezka dago oraindik

Inkesta egin zutenen % 45ek esan zuten kezkatuta daudela jatetxe, taberna, kafetegi eta janari-lekuetako Elikagaien Segurtasunarekin, eta % 42k adierazi zuten kezkatuta daudela denda eta supermerkatuetako Elikagaien Segurtasunarekin.

  1. Konfiantza handiagoa elikagaien ekoizpenean, salmentan eta etiketetan

Inkesta egin zuten gehienek (% 75) uste osoa dute elikagaiak zehaztutakoak direla, zehatz-mehatz etiketatuta daudela eta osagaiak egiazkoak direla, eta fidatzen dira elikagaien jatorrian eta kalitatean.

  1. FSAren lanari buruzko ezagutza egonkor dago oraindik ere

Inkesta egin zutenen % 75ek adierazi zuten badutela FSAren berri; horien artetik % 70ek uste dute FSAk ondo egiten duela bere lana, eta % 75ek uste dute Britainia Handiko agentziak egia esaten duela emandako informazioan. Gainera, % 88ren ustez, FSAk elikagaiak kontsumitzeko seguruak izan daitezen arduratu behar du.

 

Azkenik, 2010eko lehen inkestarekin alderatuz, zenbait gaik herritarren kezka areagotu edo murriztu dute:

  • Azukrea elikagaietan (% 13ko gorakada)

  • Elikagaien xahutzea (% 6ko gorakada)

  • Antibiotikoak elikagaietan (% 5eko gorakada)

  • Koipeak elikagaietan (% 4ko murrizketa)