Elikadura-industrian irizpide mikrobiologikoak koherentziaz eta ondo aplikatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da lagin mikrobiologikoen ezaugarri matematiko eta estatistikoak ezagutzea. Hori dela eta, Elikagaien Higieneari buruzko Kodexaren Batzordeak (CCFH) arrisku-kudeatzaileentzako gida erraz bat egiteko eskatu zien FAOri eta OMEri. Gida horrek aipatu alderdiak azaldu behar zituen, elikadura-segurtasunaren arloan erabaki egokiak hartu ahal izan ditzaten.

Gida horrek elikagaien kalitate mikrobiologikoa ebaluatzeko laginketak ulertzen laguntzen du, eta elikagaietan ageri diren mikroorganismoen banaketa estatistikoari eta elikadura-unitateen arteko aldakortasunari buruzko informazio sinplea ematen du. Bi parametro horiek aintzat hartu behar dira laginketa-planak egiteko eta emaitzak ondo interpretatzeko.

Horrez gain, gidak irizpide mikrobiologikoen definizioarekin eta aplikazioarekin loturiko hainbat alderdi ere azaltzen ditu; besteak beste, elikagai-lote baten segurtasunari buruzko erabakiak hartzeko eta prozesuak elikagai seguruak ekoizteko duen ahalmena ebaluatzeko jarraibideak.