Europako araudiak Europar Batasuneko estatu kide guztiei ezartzen die Kontrol Ofizialerako Planak egiteko betebeharra, bat etorriz Kontrol Ofizialei buruzko 882/2004 (EE) eta 2017/625 (EB) Erregelamenduekin.

Erregelamendu horien arabera, kontrol ofizialerako planek ezaugarri hauek bete behar dituzte:

  • Bakarrak eta integratuak: elikakatean zehar egiten diren kontrol guztiak barne hartu behar dituzte, ekoizpen primariotik azken salmenta-puntuetaraino.
  • Hainbat urtetarako: denbora-esparru zabala izan behar dute, ezarritako ekintza guztiak gauzatzeko, beharren lehentasunak zehazteko eta kontrolerako jarduerak berriro programatzeko.
  • Arriskuen analisian oinarrituak: kontrolen lehentasunak ezartzeko eta kontrolerako baliabideak banatzeko, arriskuen analisi bat izan behar da oinarri. Analisi horrek aukera emango du kontrolen intentsitatea zehazteko, betiere proportzionaltasun-irizpideei jarraituz.
  • Prebentziozkoa: arriskuak detektatzea eta desagerraraztea izango du xede, horiei aurre hartuta.
  • Prestakuntza: prestakuntza-planak ezarriko dira, bai kontroleko langileentzat (beren zeregina trebetasunez eta modu koherentean betetzeko prestakuntza) bai ekoizpeneko langileentzat (dagokien produktuaren ekoizpenari loturiko arriskuak ezagutu beharko dituzte, kontrolatu ahal izateko).
  • Autoebaluazioa: kontrolerako agintaritzek kontrolen kalitatea eta homogeneotasuna bermatzeko eta kontrol-sistemen eraginkortasuna sendotzeko mekanismoak ezarri behar dituzte, hala nola kontrolen eraginkortasuna egiaztatzeko prozedurak eta kontrol-sistemen ikuskapenak.
  • Erantzunkidetasuna: ekoizleak arduratu behar du ekoizten dituen elikagaien segurtasunaz; administrazioak, berriz, operadoreak indarreko araudia betetzen duela kontrolatzeaz arduratu beharko du.

Kontrol Ofizial horiek elikagaien osasunaren eta segurtasunaren egoeraren ikuspegi orokor baliagarria ematen dute; izan ere, elikagaien segurtasunari, animalien eta landareen osasunari eta animalien ongizateari buruzko arauak zenbateraino betetzen diren jakiteko aukera ematen dute. Kontrol Ofizialerako Plan horiek abian jartzeko beharrezkoa da elikakateko faseren batean Kontrol Ofizialean eskumena duten administrazio guztiak elkarren artean koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

EAEn, Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana 2016-2020 egin eta onetsi da. Plan horretan hainbat sektore daude sartuta: nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikadura. Europako lege-esparruari eta administrazio zentralak ezartzen dituen oinarriei jarraitzen die, baina Euskadiko elikagaiak ekoizteko sistemen errealitatera egokituta.

Plan hori funtsezko tresna da autonomia-erkidegoetako Kontrol Ofizialak koordinatzeko eta hobetzeko.

Planak bost urteko indarraldia izango du (2016-2020), bat egin dezan Europako estrategiekin eta Elikakatearen Kontrol Ofizialerako III. Plan Nazionalarekin (2016-20).